Saltar al contenido
Edorta Etxarandio

– NAZIONALISMOA ZERTAN DEN GLOBALIZAZIO AROAN –

Globalizazioa eta nazionalismo paradoxikoa kovid-19ko pandemia globalizazioaren fenomenoarekin

1.- Globalizazioa eta nazionalismo paradoxikoa

Ez da zentzugaberik izango, kovid-19ko pandemia globalizazioaren fenomenoa agerian jartzen ari den uneetan -XXI. mendean dena azaltzen duela dirudieneko globalizazioa-, burua pixka bat aireztatzeko, nazionalismoaren problemari buruzko informazioren bat ematen badugu.
Bitakora-koaderno honek ez du gaurkotasuneko iruzkinen bildumarik izan nahi, baina zeharo agerian geratu da aurtengo udaberriaren hasiera honetan globalizazioak SARS-Cov-2 barreiatu den neurri berean haren kontrako burrukak sendatu ditu nazio-estatuak, mugen barruan personak eta merkatuak bakartuz.

Mugimendu planetario den globalizazioaren adierazpen batzuk migrazio-fluxuen eta populazio-joanetorrien areagotzean, teknologia eta telekomunikazio berrien hedapenean eta tokiko, eskualdeko, nazioko eta nazioarteko merkatuen loturetan agertzen dira.

Garai batean pentsatu zen globalizazioak funtsean monokultura baten ondorio homogeneizatzaileak izango zituela, nazioarte mailako botere-harremanen izaeragatik eta hedabideak eta ekoizpen bitartekoak herrialde garatuen talde txiki baten jabetzakoak zirelako. Baina ideologia eta ekonomia-orden mendebaldar eta kapitalistak, komunikabideen bidez eta iparraldeko herrialdeetan elite nazionalen formakuntza jasotzearen bidez, ez du erakarri azkar asko desagertzerik ez kultura tradizionalak, ez herrien aparteko bizimodu eta pentsaerak, ez tokian tokiko berezitasunak, ez eta antzinako egiantzeko sinismenak.

Gainera, globalizazioaren fenomenoak nortasun berrien, konfigurazio soziokultural berrien eta tokiko, zehar-tokiko edo birtualen elkargo berrien agerpenarekin batera bilakaera du, baina baita kultura eta identitate minorizatuen berragerpena ere bultzatzen du.

SARS-CoV-2 birusaren mundu mailako hedapenarekin lehertu den globalizazioak, aurreikus zitekeenaren kontra, agerian utzi du erakunde nazionalen edo estatu-nazioen izaera sozio-historikoa, mugatua eta arbitrarioa, XIX. mendetik aurrera egitasmo nazional argi eta garbi asimilazionista eraiki diren estatu-nazioak.

Birus kontainer

Ideien eta produktuen joan-etorriak eta biztanleria-mugikortasuna gero eta handiagoak direla-eta, estatuaren aparatu ideologikoen nazio-nortasuna eraikitzeko proiektuen monopolioa galduz joan diren neurrian, gutxiengo etnikoak, globalizazioak eta iraultza teknologikoak gehiengo nazionalei berdinduta, tresneria atzeman dute erresistentzia egiteko edo eredu ideologiko homogeneizatzailea zalantzan jartzeko.

Beraz, ez du globalizazioak nazionalismoa desagerrarazi, berpiztu baizik nolabait hor. Alde batetik estatu-nazioen arbitrariotasun historikoa azalarazten du, baina identitate hibridoak eraikitzeko elementuak agertzean, talde eta gizabanakoek oro har beren kultura osatzen duten elementuak askatasun osoz aukeratu ditzaketela defendatu gabe, kultura horren aldarrikapenaren ikur eta arma politiko bilakatuta, emandako zerbait eta aldi berean hautatutako zerbait ikusten da, eta horrek indartzen du nazioa benetako kontzeptua ez delako tesia, irudimenezkoa baizik.


Oharteman dezagun XX. Mendeko lehengo urteetako marrazki honetan, Errusiar banderadunak ez daroala gaurregun ezagutzen duguna, San Andresen gurutzea baizik, Errusiar Inperioko Itsasarmadarena, ikoroski urdina atzealde zuriaren gainean. Jatorriz bandera bera zen A Koruñako itsas bandera eta XIX.ko erdialdean galegoek diasporan euren herriaren ikur gisa hartu bide zuten. San Andres Eskoziako patroi saindua da eta Galiziako saindurik herrikoienen bat, galiziar 72 eliza izen horrekin sagaratuak izaki. 1891ko ekainaren 22ko Errege Dekretuaren bidez Koruñar San Andresen gurutzea aldarazi zuen Espainiako Gobernuak, Errusiaren eskakizun errepikatuei men eginez, nahasmenduak ekidin zitezen. Aldakuntza gurutzeari bi hegalen bat kentzearekin konpondu zen, horrela galiziar bandera modernoaren formatuan utziz.

2.- Nazionalismoaren argibide soziopolitikoak

Nazionalismoa aztertu ohi da, kapitalismoa eta komunismoaren ideologia eztabaida erreala amaituz gero, Europa zaharrean birloratu den fenomeno politiko gisa, nahiz-eta loraldi horren zelaia, ezbairik gabe, Westfalia Baketik eta hona, osasun ezin hobeagoa duen nazio-estatuarena da.
Nazionalismoa monarkia larderiatsuen eta Filadefiako konstituzioaren mendeetako fruitu umela da eta ez aldarrikapen indarberritua.
Ardatzezko ezaugarria polimorfia da: Europan badago nazionalismo bateratzailea (Italia, Alemania); sakabanatzailea (Austro-hungariar imperioa, SESB); sezesionista periferikoa (Korsika, Eskozia, Flandria, Padania, Katalunia, Euskalherria, etab) eta barneko sezesionista, estatua eztanda egiten duena (Txekoslovakia, Jugoslavia); nacionalismo irredentista (Ulster, Moldavia, Hego-Tirola); baina guztion gainean batez ere nazionalismoa nazio estatuan.

Laterri ahaltsuak nazionalistak dira, baina nazionalismoaren birsormena hitz egiterakoan hauexek dira hizpide:

  1. Sobietar Batasuna Errusiaz gain federazioa osatzen zuten herrialdeak (Baltikoan, Ukrainian, Moldavian), eta “sozialismo errealeko” errepublika antzinakoen zatiekin (Txekia eta Eslovakia banatuak eta Jugoslaviaren puskak) estatu independiente berriak eratzea.
  2. Nazio gutxiengoekiko tentsioak, zenbaitetan garbiketa etnikora helduz, estatu zahar eta berrietan (errusiarrak Letonian, hungariarrak Errumanian, serbiarrak Kosovon, etab).
  3. Bereizketarako asmoak estatu nazioaniztunak deritzonetan, antigoaleko inperioak izan zirenetan, korsikarrak Frantzian, eskoziarrak Erresuma Batuan, edo katalanak Espainian, esate baterako. Independentzia helburutzat jotzen duten hirugarren horiek estatua duten nazioen aurrean “egitate bereizgarria” azaltzen dute, eta hizkuntzaz eta antzinako ohiturez berdindutako erkidego homogenoa agerrarazten dute, herrialdea ordezkatzen ez duen burokrazia antolaketa administratiboari, nazio-estatuarenari, hain zuzen, aurre egitea proposatzen dute.

Horrela, nazionalismoa ikasterakoan soziologia politikoan oro har ikasi behar da, estatua daukaten nazioak -batzuetan estatuak berak eratuak, besteetan euren eraentza eztabaidagaitza direnak-, eta estaturik ez daukaten baina eduki nahi duten nazioak.

Teoria argigarriak sailka ditzakegu:

a) Industrializazioaren gertakizuna.

Nazionalismoa europar industria iraultza eta modernitatearen garapenak eragindako emaitza dela sostengatzen duenak (Ernest Gellner, Benedict Anderson, Charles Tilly).

Tesi hauetan nazioa ez da naturala giza kulturetan, eta nazioa eta estatua ez dira derrigorrezko elkar xedeturiko binomio baten muturrak. Mundu industrialak bere ekoizpen sistema kapitala eta etengabeko hazkundean eraikitzen den heinean, eta gizarte ordena alfabetatze eta baliabide teknikoen kultur homogenizazio baten antolaketan eraikitzen den heinean, nazio estatua gizarte modernizazioa da eta nazioa “alegiazko elkartea”.
Nazio-estatu arrakastatsuari (adibidez, Frantzia), nazio berrien antolaketari (amerikarrak, esaterako), eta kolonialismondoko metropolietan hezitako politiko afrikar eta asiarren diskurtsoari dagokion teoria da hau. Inola ere ez estatua edo antolakuntza aske baten irrikitan dauden nazioentzat.
Modernitatearen bilakaeraz estatua daukaten nazioak egonkorrak, oparoak eta aurrerakoiak arlo sozialean, gatazkarik gabe, erakunde politiko ordezkagarrien hedapena bultzatu, eta masa-merkatuak eta industrializazioa sustatzeko modukoak.

b) Izaera historiko ideologikoa

Nazionalismoaren iturburua ideologia historikoan datzala defendatu dutena (Hans Kohn, Elie Kedourie, Isaiah Berlin, Anthony Smith).
Nazionalismoaren azalpen bakarra industrializazioaren ondorio nabari eta natural gisa bilatzeko tentazio soziologikoak porrot egiten du Frantzian, Ingalaterran eta Espainian industria agertu aurretik zeuden sentimendu nazionalisten ebidentziaren aurrean, eta ideologia nazionalistak XIX. mendean Grezian eta Otomandar Inperioaren beste leku batzuetan zuen indarraren aurrean, gune horietan industrializazio-fenomenorik ezagutu izan gabe.

Tesia da nazioak ez direla eraikuntza begi-bistakoak eta naturalak, modernitatetik eratorriak, baizik eta modernizazioa benetan sustatzen duten eraikuntza ideologikoak. Nazioak ez dira kulturaren eta boterearen benetako elkarteak, kultura-tramankuluak edo irudimenezko erkidegoak baizik (Anthony Smithen nazionalismoaren teoria «gastronomikoa»)

c) Politika-forma soilik dena

Botere politikoa kontrolpean jartzeko oinarrizko fenomenoa hertsiki nazionalismoa delako irizpideduna (John Breully).

Azterketa konparatiboa nazioaren ideiak forma politiko gisa nola jokatzen duen aztertzeko egiten da, bere background kultural, sozial edo ekonomikoa alde batera utzita, eta sei kategoria deskribatzen dira estatu-nazioaren eta estaturik gabeko nazioaren arteko dialektika batean, hiru helburu ezberdinekin: banantzea (sezesionismoa), erreforma (estatuaren jabe izateko sarbidea), edo bateratzea (beste nazio eta/edo estatu batzuekiko batasuna).

Nazionalismoa ez da naziotik sortzen, eta bere idiosinkrasia mantentzen du bere aldarrikapen politiko hutsaren arrakastara iristen ez den bitartean, estatu berri bat eratzeaz, estatu zaharraren boterea konkistatzeaz edo herrialdeak bateratzeaz.

Nolanahi ere, kezkatzen duten nazionalismo horientzat, estatu-nazioak ez direnak gutxiengoak baizik, etnonazionalismoa nagusitzen da oraindik ere, eta nazioari eusten dio elkarte natural gisa, identitate kolektibo gisa, hizkuntzan, kulturan edo lurraldean oinarritua, hala moduz homogeneotasuna lehenesten baitu aniztasun sozial eta etnikoaren aldean, eta faktore bereizleak beste komunitatearekiko nabarmentzen baitu.
Tradizioan bezala (sustrai liberaleko nazionalismoa, jatorri germaniarrekoa, kultura arlokoa, alderdi politikoa), gizarte-eragile nazionalistek elementu objektiboak (hizkuntza, erlijioa, ohiturak …) erabiliz dihardute, proiektu subjektibo boluntarista baten arabera, eta horrek mugimendu politiko eta aukera sozial eta ekonomiko bihurtzen du.

Nazio-estatuan, nazionalismoaren estrategia populismoarekin planteatzen da eskuindarrek, identitate-arrakalan hazten ari baita, balio etniko edo erlijiosoak aipatuz nazioarekiko leialtasuna eta «geu-beraiek» kontrajartzea oinarritzeko (abertzaletasun konstituzionala), eta ezkertiarrek jakobinismo moderno batekin, zeina arrakala ekonomikoan hazten ari baita, gizarte-bazterkeria, genero-desberdintasuna edo multinazionalen abusua aipatuz, zentralizazioa oinarritzeko, borondate politikoaren eraketan aniztasunaren balioa azpimarratzeagatik, eta hiritartasunaren elementua, demokrazian nagusi-nagusia dena, azpimarratzeagatik.

Aipatutako etenak, identitarioa eta ekonomikoa, boterean dauden eliteek sustatzen dituzte, batzuek zein besteek, nahiago baitute globalizazioaren gehiegikerien alde egin. Baina estatu-nazioak gailentzen darrai, konturatzen baita ez dela oztopo harentzat, eta, horregatik, aurrerapen sozial eta ekonomiko globalerako, baizik eta beharrezko zerbait, orekarako, hots, merkatuek lehenesten dituzten eskalako ekonomiaren eta herrixka globalaren onuren, eta gobernu nazionalek lehenesten dituzten harremanen eta gogo heterogeneotasunen arteko oreka.

Azken batean, nahiz eta nazioa ez izan errealitate natural eta betierekoa (i); haren sorrera gizartea mobilizatzeko gaitasuna duen proiektu boluntarista bat izatea ekarriz (ii); eta kolektibo batek borondatez bere gain hartzeko gaitasuna sozializazio-eredu baten mundu sinbolikoa, zeina kontzientzia nazionala baita (iii); eduki etnikoa duen nazionalismoak XXI. mendeko eraikuntza nazionalista garrantzitsuena izateari eusten dio (iv). Eta nazionalismoak gizartea dualizatzeko duen eta gutxiengoen derrigorrezko asimilazioarako joera duen arriskuak berberak dira estaturik gabeko nazioentzat, estatu nazionalentzat bezalatsu. Desberdintasuna boterea nork duenekoan datza: aginteak duenak besteari baztertzaile nazionalismo deituko dio.

3. Nazionalismoa Nazioarteko zuzenbidean

Nazionalismoaren azterketa juridikoa Espainiako Zuzenbide konstituzionalaren ikuspegitik beste une baterako utziz, eta mugimendu politiko nazionalisten egungo formulazio zehatzak, teoria sozio-historikoei erantsitako laburpen informatibo gisa, jarraian, nazioarteko zuzenbide publikoaren ikuspegitik, nazionalismoaren ikuspegiaren puntu nagusiak zeintzuk diren azalduko dut: nazioei dagokienez estatuek lurralde-osotasunerako eskubidea dutela onesten da, eta nazioek estatuei dagokienez ez da onesten autodeterminazio-eskubidea dutenik.

Nazioarteko Zuzenbideko gai garrantzitsu batzuen erantzunak, besteak beste, Nazio Batuen eremuari dagozkionak, gehiengoz onarturikoak dira eta bat datoz 2014ko maiatzaren 17an, Kataluniarako errefrendumaren ekimenari buruzko Txostenean emandakoa, Kanpo Arazoetako eta Lagunkidetzako Ministerioaren web orrian argitaratua, hain zuzen:

a) Sezesio-eskubiderik ez dago.

Nazioarteko zuzenbideak eta estatuetako konstituzioek ez dute sezesio-eskubiderik aintzatesten, eta estatu federaletako zenbait auzitegi gorenek berariaz ukatu dute eskubide hori. Espainiako kasuan, Auzitegi Konstituzionalak berariaz ezarri zuen 2014ko martxoaren 25eko epaian: “Konstituzioaren esparruan, autonomía-erkidego batek ezin du alde bakarrez autodeterminazio erreferenduma deitu Espainia osatzeari buruz erabakitzeko”.

Kanadako Auzitegi Gorenak 1998ko abuztuaren 20an emandako irizpena aipatu ohi da ñabardura egitearren. Irizpen horren arabera, Quebec ezin da Kanadako gainontzeko lurraldeetatik bereizi, negoziaziorik gabe, Kanadako Konstituzioarekin eta Nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz. Hala ere, Quebecen gehiengo nabarmena izateak sezesioaren aldeko galdera argi bati zilegitasun demokratikoa emango lioke, Konfederazioko gainerako parte-hartzaileek haintzat hartu behar dutena.

Urrapen anitz ohartzen dira historian zehar baina denak indarkeria mailaren bat tartean.

b) Herrien determinazio askearen printzipioaren aplikazio kasu zehatzak.

Nazio Batuen Gutunak eta 1514 (XV) eta 2625 (XXV) ebazpenek aitortutako moduan, deskolonizazio-prozesuan du aplikazio esparru naturala. Hortik kanpo:
-Konkistak, atzerriko nagusitze edo okupazioak atxikitako herrietan, eta
-Eskubideen urraketa masibo eta nabarmenaren ondorioz zapaldutako herrietan (gehienetara jota aplikagarritasuna, herri batek Gobernuak bere eskubide demokratikoak modu garratzitsuan blokeatuta ikusten dituenean, Kanadako Auzitegi Gorenak 1998ko abuztuaren 20an emandako irizpenaren arabera)

c) Estatu bat izateko aitorpena lortu behar da Nazioarteko Zuzenbiean.

Estatu berri baten existentzia egiaztatu ahal izateko, egitatezko izateaz gain eta estatu horren berezko osagarriak (lurraldea, biztanleria eta berezko gobernurako gaitasu egiazkoa) batera egoteaz gain, Nazioarteko Zuzenbideko gainerako subjektuek (estatuak eta nazioarteko erakundeak) aitortu behar dute.

Aldebakarreko independentzia adierazpena Zuzenbidea urratuz egin bada, Nazio Batuen ebazpenek berek zera eskatzen diete estatuei eta nazioarteko erakundeei: “Aldaberritutako estatu horren aitorpentzat har daitekeen egintza edo eragiketa orori uko egitea” (adib. 68/262 ebazpena).

d) Jarraitutasun-printzipioaren indarraldia tratatuen ondorengotzaren arloan.

Estatuen oinordekotzaren auzia mamituko balitz, jarraitutasun-printzipioa ezarriko litzateke, eta estatu “zaharrek” izango litzatezke dagoeneko alderdi den nazioarteko tratatuen estatu jarraitzaileak. Zorrei dagokienez, akordiorik ezean, Nazioarteko Zuzenbideak bidezko proportzioan aurreikusten du zorra eskualdatzeko irizpidea.

e) Nazio Batuetan kidetzeko ezintasuna.

Indarrean dagoen Zuzenbidea urratzen duen aldebakarreko independentzia adierazpenaren kasuan, entitate berria ezingo litzateke izan ez zuzenbide osoko estatu kidea, ez Nazio Batuen Erakundeko estatu behatzailea (Egoitza Saindua edo Palestina legez). Kidetza (menbresia) horretarako, Nazio Batuen Gutunak eskatzen du, gaionontzako forma eta gai betekizun batzuen artean, estatus horretara iritsi den estatu bat egotea, aipatutako Nazioarteko Zuzenbidearen betekizunak onetsiz.

NAZIONALISMOA ZERTAN DEN GLOBALIZAZIO AROAN CATALEXIT

Esta web utiliza cookies propias para su correcto funcionamiento. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad